XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BAZTAN. Berriak

Behin eta berriz erranen dugu Elizondoko Koralak izen ohoregarria ematen diola gure herriari, Baztan lurraldeari.

Orai ere egina du kantaldi aipagarria, azaroaren 24 eta 25ean, Elizondoko elizan bat eta Iruñeko Gayarre aretoan bertzea.

Bi kontzertuetan Requiem de Faure erakutsiz eta Iruñeko Orquesta Santa Cecilia soñulariekin batean, M. Roa jaunaren gidaripean.

Ortzegun hortan Elizondoko eliza aditzalez bete zen.

Kontzertua Orquestaren soinualdiarekin hasi zen, lau musikaldi eginik.

Gero Koralak G. Fauren Requiem kantatu zuen Orquestarekin batean.

Kontzertua arras ongi, aditzaleak lorietan esku-zartaka.

Biharamunean Kontzertu hori bera Iruñeko Gayarren.

Hemen ere Elizondon bezala Kontzertuak sekulako arrakasta ukan du.

Gayarre bete omen zen eta aditzaleek ere beren bozkarioa ongi aski erakutsirik.

Egunkariek edo kazetek aipatu dute Elizondoko koralaren kantaldia eta bai goretsi ere heien eginkari xarmanta.

Aipamen ohoregarria ere ukan dute Josune Makibar-ek eta Basilio Sarobek, bakarka kantatu baitzuten Pie Jesu eta Liberame, ederki eta sendimendu haundiarekin.

M. Roa Orquestaren gidariak eta Eraso jaunak koralaren Buruzagiak ere laudorio eta goresmen haundiak ukan dituzte.

Zorionak.

Dantzari Besta

Azaroaren 27-an ospatu dute Arizkunen Dantzari Eguna, herriko Elkartasuna Lagunarteak antolaturik.

Goizean Meza Nausia eta ondotik eta eliza berean Iruñeko gaiteroak arizanak dira soñualdi eder bat eskeinirik.

Gero pilota plazan Xiberotar dantzariak, txirulari, atabalari eta kantariakin, Xiberoko folklorea erakutsi daukute.

Gero Baztango mutil-dantza, zortzikoa, gaite eta bai Lizarrako Larrain dantza ere.

Dantzetan denak arizanak dira, baztandarrak eta lizarratarrak nahaste.

Dantzarien arteko besta izan da.

Erran dezadan ere bezperean Elkartasuna Bil-Tokian bildu zirela hainbertze lagun afaltzera.

Hor ziren dantzari gazteak neska mutil eta hoien artean ere zenbait dantzari zahar.

Xiberotarrak ere bezperetik etorriak eta baita ere lizarratarrak ere beren gaiteroekin, Baigorrikoekin eta baztandar txistulariekin, euskal giro ederra sortu zutela afaltiarren artean.

Anaien arteko besta ederra Arizkungo dantzari Elkarteak antolatutakoa.

Mariano IZETA.